XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezin zuen gehiago itxoin.

Max herrestan iritsi zen zurubiraino.

Ez zen jaistera ausartu.

Azken mailatik zintzilikatu eta beheko belar mukuru gainera salto egin zuen.

Adi gelditu zen.

Kanpokoak ez ziren bere mugimenduetaz ohartu.

- Ezetz esan dizut.

Emakumearen ahotsak larritua zirudien.

Max-ek ateraino zegoen distantzia kalkulatu zuen.

Sei bat metro.

Pauso gutxi behar izan zituen atearen ezkerraldera ailegatzeko.

Paretaren kontra jarri zen.

Ate erdi itxiaren erroen artetik gizon ihar eta altu bat bereizi ahal izan zuen.

Gizona atzerantz jiratu zen.

- Hi, Beltza, hator hona....

Max-ek ate ondoko eskuarea eta sardea ikusi zituen. Sardea hartu zuen.

- Jai diagu honekin. Ez omen dik ezer ikusi. Badaezpada barnean behatu beharko diagu.

Max-ek ostikada batez ireki zuen atea.

Gizon iharrak ate aldera bihurtzeko astia izan zuen sardeak sabela zeharkatzen ziola sentitu aurretik.

Sardearen kiderra hartu nahi izan zuen, baina Max-ek atera egin zuen.

Gizon iharra ahozpez etzanda geratu zen sarrerako putzu uherraren gainean.

Beltza izenekoak atzera egin zuen lehenik.

Gero laban bat atera zuen sakeletik.

Max Beltzarengana oldartu zen.

Beltza lasterka hasi zen malda beheiti, bide lokaztuan barna.

Max lehenengo kurbaraino jarraiki zitzaion.

Han arnas-estuka gelditu zen, sardea eskuan zuela, ihes zihoanaren figura txikitzen zen bitartean.

Korrika itzuli zen bordaraino.

Gizon iharraren gorpua atetik bi metrotara zegoen.

Oinetatik hartu eta borda barnean sartu zuen.

Sabaira igan zen.

Zakua eta katiuskak kendu eta gero bere arropa hezeak jantzi zituen.

Hotzikara batek astindu zion bizkarra.

Linterna gabardinaren sakelean gorde zuen.